I+G+B Politiken Sarea, IGB Sare gisa ezagunagoa dena, EGEF Eskualde Garapenerako Europako Funtsari lotutako sare tematikoa bat da. IGB Sarea 2010 urtearen hondarrean sortu zen Espainian ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatzeko maila anitzeko koordinazio estrategikorako tresna izateko.

URL de Video remoto

Sarearen helburuak


Ildo horretan, Sarearen helburu nagusia da Espainiako I+G+B sistema eratzen duten eragileak koordinatzea I+G+Bren babes-esparru publikoaren diseinua, inplementazioa eta garapena optimizatzeko, laguntza emanez baliabideak mugiarazten eta europar funtsetatik datorren finantzazioa bideratzen, batik bat EGEF funtsetakoak. IGB Sareak, beraz, RIS3-ak (espezializazio adimendunerako ikerketa- eta berrikuntza-estrategiak) sustatzen eta laguntzen ditu.

Helburu nagusi hori beste helburu zehatzago batzuekin osatzen da:

  • Ikerketari eta berrikuntzari laguntza publikoa emateko esparruak optimizatzea, programak zehaztean eta baliabideak erabiltzean gainjartzeak saihestuz.
  • Informazio-sistemetan hobekuntzak txertatzea.
  • Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia erkidegoen I+G politikez arduratzen diren Administrazioen arteko lankidetza eta elkarrizketa areagotzea.

Helburu horietan oinarrituta antolatzen dira IGB Sarearen jarduerak laneko bere planen bidez, normalean urterokoak direnak, zeinak IGB Sarea 2017/2023 Plan Estrategikoaren barruan –azken bertsioa 2020ko maiatzekoa da– biltzen baitira.

Gaur egun, Sarea eta burutzen dituen jarduerak zuzenean lotuta daude Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) 1. helburu tematikoari, “Ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza indartzea” izenekoari. Jarduera horiek Espainiako Eskualde Anitzeko Programaren (POPE, gaztelaniaz) laguntza teknikorako 13. ardatzaren eta CDTI-E.P.E.ren –Espainiako berrikuntza agentzia, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren mende dena eta, egun, bertako Idazkaritza Teknikoaz arduratzen dena– artean finantzatzen dira.

 

Egitura


IGB Sareak Espainiako I+G+B politiken ekosistemako eragile garrantzitsuenak biltzen ditu bere egituran. Hiru ordezkaritza maila daude, Europakoa, estatukoa eta erkidegoena; halaber, hiru organo berezitu ditu: Presidentetza, Osoko Bilkura, eta Idazkaritza Teknikoa. 

Presidentetza

IGB Sarearen presidentetza elkarren artean partekatzen dute Zientzia eta Berrikuntzaren Ministerioak (Ikerketaren Plangintzarako Zuzendaritza Nagusiak) eta Ogasun Ministerioak (Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiak). Lehenak I+G+B politiken eskumenen ardura du estatu mailan; bigarrenak, berriz, Europako funtsen gaineko eskumenak ditu, tartean EGEFrenak.

Presidentetzaren eginkizun nagusiak dira Sarearen ordezkaritza eta horren jarduera-ildoak zehaztea.

Osoko Bilkura

IGB Sarearen Osoko Bilkura da bertako kide guztien topagunea, presidentearena eta idazkari teknikoarena barne. 

Osoko Bilkuraren ardura nagusia dira Sarea gauzatzerakoan kontsentsua ziurtatzea eta lan-planak bideratu eta onartzea. Oro har, urtean behin biltzen da, era presentzialean.

Idazkaritza Teknikoa

I+G+B politiken Sareko Idazkaritza Teknikoaren helburua da laguntza teknikoa ematea Sarea eratzen duten eragileen artean kooperazioa eta lankidetza sustatzeko. Idazkaritza Teknikoak eginkizun hauek ditu:

  • Sarearen jardueren koordinazio administratibo eta logistikoa, lan-planak prestatzeko eta horietan jasotzen diren jarduerak garatzeko lanen koordinazioa barne.
  • Sareko osoko bilkuren eta eratzen diren lan-taldeen antolakuntza, jarraipena zein koordinazio logistikoa.
  • Sareko kideen arteko komunikazioa antolatzea eta web-orria garatu eta mantentzea, Sarearen helburuak lortzeko informazio, komunikazio eta eduki interesgarrientzako oinarrizko plataforma izan dadin, tartean jarduera, deialdi eta ekimen interesgarri guztiei buruzko informaziorako.

Gaur egun, CDTI-E.P.E arduratzen da Idazkaritza Teknikoaz, Erakundearen Sustapen eta Lurralde Lankidetzako Sailaren barruan.

 

Kideak


Espainian berrikuntza arloa hobetzeko misioa duten Administrazio Zentraleko eta eskualdetako administrazioko eragile eta erakunde guztien arteko topagune bat eratzen du Sareak. Hala, Sarea Espainiako I+G+B politiken ekosistemako eragile garrantzitsuenek osatzen dute. 
Egun, sarea 60 erakundek baino gehiagok osatzen dute, horien artean hauek:

  • Europako Batzordea (DG Regio) eta Ikerketa Zentro Bateratua (JRC)
  • Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa eta Ogasun Ministerioa
  • I+G+B politiketan eta funtsen kudeaketan eskumenak dituzten erkidegoetako gobernuen sailak
  • Berrikuntzarako eta eskualde garapenerako hainbat agentzia
  • EGEFren 1. Helburu Tematikoaren (1HT) bitarteko erakundeak
  • Sarearen jarduerarekin lotutako beste erakunde batzuk
  • Eragile ekonomikoen eta gizarte zibilaren ordezkariak. 
  • Beste sare tematiko batzuk.